2015(e)ko urtarrilaren 4(a), igandea

ROL KOOPERATIBOAK

Ikasketa kooperatiboa errazteko, ikastaldearen egiturak elkarbizitzari eta zereginen banakerati mesede egin beharko dio. Horretarako, rol kooperatiboak ezarriko ditugu.

Taldekide bakoitzari rol bat egokitzen zaio eta horrekin batera eginbeharrekoak zehazten zaizkio. Hau da, taldekide bakoitzak kargu bat eduki behar du. Hortaz, talde bakoitzean gutxienez lau rol egongo dira. Talde batean lau ikasle baino gehiago egotekotan, rolen azpi zatiketa gauzatuko litzateke, modu horretan, rol baten eginbeharrekoak banatuz.

Argi izan behar dugu karguak rotatiboak direla. Hots, kide guztiek rol guztiak bete behar dituzte. Gainera, kontuan hartu behar da kide bakoitzaren lana aldizka berrikusten dela, eta eginbeharrekoen aldaketak eta zuzenketak egiten direla. Horrez gain, taldekide guztiek lan talde bat osatzen dutenez, helburu berdinekin, ikasleek elkarri exijitzen diote lana modu arduratsu batean egitea. Horrek garrantzi handia du, taldearen funtzionamenduan eta arrakastan eragin handia du eta.

Bestetik, irakasleak ikasgelan rolak ezarri baino lehen, ikasle guztiek rol guztiak barneratu dutela ziurtatu behar du. Horretarako, irakasleak rol praktika egoera ugari prestatu behar ditu, ikasleek rolen zereginak barneratu arte. Hori dela eta, irakasleak ume guztiek rol ezberdinek eskatzen dituzten beharrezko trebetasunak erabiltzea lortu behar du; hala ere, batzuetan, mailaren arabera, irakaslea bakarrik saiatuko da ikasle bakoitzak berari ondoen dagokion rola burutu dezan.

Amaitzeko, ezinbestekoa da irakaslearen laguntzaz rol kooperatiboak ebaluatzea, ikasleek ondo dagoena eta hobetu behar dutena identifika dezaten. Ebaluazioa tutoretza saioan egin daiteke, horrela irakasleak astero ikasleei hartutako rola baloratzen lagunduko die.


Hona hemen rolen sailkapen baten adibidea:

a) KOORDINATZAILEA: Taldean une bakoitzean egingo diren zereginak esaten ditu, egiten diren jarduerak zuzentzen ditu, guztiek taldean duten funtzioa betetzen duela egiaztatzen du eta hitz-txanda banatuko du.

b) IKUSKATZAILEA: Lan-plana betetzen dela ikuskatuko du, baita taldekide guztiek zereginak,  betebeharrak, lanak eta frogak egiten eta agendan idazten dituztela ere ikuskatuko du. Horrez gain, guztiek beharrezko materiala etxera eramateaz arduratzen da, eta egin gabe dauden zereginak gogoratzen ditu. 

c) BOZERAMAILEA: Irakaslearekin eta beste taldeekin komunikatzen da, betiere taldearen izenean. Horrez gain, zarata-maila ikuskatzen du.

d) ORDEN ARDURADUNA: Taldearen barruko ordena ikuskatzen du eta materialez arduratuko da. Hau da, kideak hurrengo saiorako prest daudela ziurtatzen du, taldekideei jarduerak egiteko behar duten materiala gogorazten die, eta ordena eta lan-espazioaren garbitasuna ikuskatzen ditu.

2014(e)ko abenduaren 24(a), asteazkena

ARKATZAK ERDIRA TEKNIKA

Arkatzak erdira teknika taldean lan egiten ikasteko oso aproposa da, edozein motatako lan edo jarduerak aurrera eramateko balio du eta. 

Lehenengo eta behin, irakasleak umeei ariketa bat proposatu beharko die. Taldekideek ariketari hasiera emateko, "arkatzak erdira" esango dute. Orduan, taldeko ikasle guztiek arkatzak mahai gainean jarriko dituzte. Momentu horretan hitz egin eta entzun daiteke, baina ez, ordea, idatzi. Ikasleek, txandaka, ariketa edo arazoa ebazteko iritzia eskainiko dute. Hortaz, taldekideak ados jarri behar dira eta guztiek prozedura ulertzen dutela egiaztatu behar dute. Ondoren, ikasle bakoitzak bere arkatza hartu eta ariketari erantzungo dio. Une horretan ezin da hitz egin, idatzi baizik. Gauza da umeren batek ariketa egitean zalantzarik badauka, "arkatzak erdira" eskatuko duela berriro. Orduan, taldekide guztiek idazteari utzi egingo diote, eta guztion artean zalantza argitzen arituko dira. Zalantza argitu eta gero, berriro ere idazteari ekingo diote. 




Aipatu beharrekoa da, teknika horrekin taldekideak lan egiteko erritmo berdinera joan behar direla. Beraz, ezin dute ariketa bat hasi guztiak aurrekoa amaitu arte. Nahiz eta ikastalde batean erritmo desberdinak izan, teknika horren bitartez, ikasleek taldeka lan egiten ikasten dute, denak errespetatuz eta denok besteengandik ikasiz. Gainera, "arkatzak erdira" esapidearen bitartez, lankideari laguntzea arau bihurtzen da. Bestetik, saioa bukatu ostean, komenigarria da irakaslea talde desberdinetatik pasatzea, zer egin duten ikuskatzeko, eta arazoak edo zalantzak agertu badira, horiek konpontzeko.

2014(e)ko abenduaren 22(a), astelehena

IRAKURKETA BIKOTE KOOPERATIBOAK

Ikasketa kooperatiba eskolan aurrera eramateko hainbat teknika erabil daitezke. Bata irakurketa kooperatiboa da, non umeek irakurketa ozena eta ulermena lantzen duten, bata besteari lagunduz.  




Teknika kooperatibo honek hurrengoan datza: Ikasleak bikoteka jartzen dira; albokoarekin. A ikaslea irakurtzen hasiko da, paragrafo oso bat egin arte. Bitartean, beste ikasleak irakurketari jarraituko dio. A ikasleak amaitzen duenean B ikasleak galdetuko dio ea zer irakurri duen. Orduan A ikasleak erantzun egin behar du. Ulertu ez badu, berriro irakurri behar izango du, eta hurrengoan ere ulermen arazoren bat izatekotan, B ikasleak berak zer ulertu duen kontatuko du. Ondoren, rolak elkartrukatuko dituzte. Hortaz, bi ikaslek horrela jarraituko dute testu osoa osatu arte. Testu osoa bukatu ondoren, ahozko laburpen bat egingo dute.

Horrez gain, aipatu beharrekoa da, bikoteak sortzerakoan, irakasleak ikasleen gaitasunak kontuan hartu beharko dituela. Hau da, ikasle nabarmenak laguntza behar dituzten ikasleekin ipintzea. Hala ere, batzuetan ikasle nabarmenak elkartzea egokia izango litzateke, euren gaitasun eta erritmoari dagokion testua irakur dezaten, motibatzeko eta noraino ailegatu ahal duten ikusteko. Eta gauza bera ere motelagoak diren haurrekin, motibatzeko asmoz.


2014(e)ko abenduaren 19(a), ostirala

TALDE HETEROGENEOAK

Ikasketa kooperatiboa aurrera eramateko, funtsezkoa da talde heterogeneoak sortzea.

Talde heterogeneoak 4-5 ikasleko taldeak dira. Horiek sortzeko irakasleak ikasleak hiru azpitaldeetan banatu behar ditu: laguntza eskaintzeko gaitasun handia duten haurrak, laguntza gehien behar duten haurrak eta taldeko gainerako haurrak. Orduan azpitalde bakoitzeko ikasleak hartuz taldeak sortzen dira. Talde horiek desberdintasun sozialak, kulturalak edota intelektualak bermatzen dituzte. Aldi berean, berdintasunak ere bermatzen dituzte; hala nola, aniztasuna eta ikasleek izan ditzaketen aukerak. 

Aintzat hartu behar da talde heterogeneoetan taldekide guztiak protagonistak direla. Hortaz, oso garrantzitsua da taldekide bakoitzak rol bat bere gain hartzea. Bestetik, emaitzaz gain, lan egiteko prozesuak garrantzia hatzen du; eta ikasleen iritziak, harremanak, eta lan-giro egokia kontuan hartzen dira. Izan ere, talde heterogeneoen bitartez, ikasleek bizitza errealean izan ditzaketen aukerak eta arazoak ezagutzen dituzte.


2014(e)ko abenduaren 16(a), asteartea

GELAREN ANTOLAKETA

Eskolak sortu zirenetik, beti ikusi dugu estruktura berdina gela barruan: mahai bat ikasle bakoitzarentzat, eta bakoitzak bere materiala eta ikasliburuak. 

http://ii.library.jhu.edu/files/2013/07/IMG_4268.jpgIkasketa kooperatiboan, ordea, gelaren estruktura aldatzen da. Irakasleak protagonismoa galtzen du, eta irakasleen arteko interakzioa eta talde lana beharrezkoa da ikasketa esanguratsua lortzeko. Hori dela eta, ikasleak txokoka antolatzen dira. Ume kopuruaren arabera, ikasgela kooperatiboan txoko desberdinak aurkitzen dira, 4-5 ikaslekoak. Txoko bakoitzean ikastalde bat dago, eta irakasgaiarekin lotutako gai bat lantzen du edo ikasketa-prozesua eman dadin metodo desberdin bat erabiltzen du.

Aldi berean, ikasleek lan indibiduala egin behar badute, txokoka antolatuta arazorik gabe egin dezakete lan. Gatazkak sortzen ez badira, posible da urte osoan zehar talde berdinak mantentzea. Hala ere, ez da egokia proiektu eta jarduera guztiak talde berdinekin egitea. Hau da, oinarrizko talde bat izan arren, zenbait lan edo jarduera egiteko taldeak aldatzea izango litzateke aproposena.

2014(e)ko abenduaren 15(a), astelehena

IRAKASLEAREN PAPERA

Metodologia kooperatiboa aurrera eramateko, irakasleak garbi izan behar du bere ohiko papera aldatuko dela. Beraz, irakasleak ezagutzen transmititzailea izateari utziko dio, ikasleei euren ikasketa-prozesuan gidatzeko asmoz. Hasteko, ikasleei autonomia eta erantzukizun gehiago emango zaie eta irakaslearen kontrola murriztuko da. Hala ere, irakasleak taldeko partaideen zereginak eta funtzionamendu arauak erabakitzen lagunduko die eta bakoitzaren zereginak betetzen direla ziurtatuko du.

Irakaslearen lan-tenporalizazioa eta dedikazioa ere aldatzen dira. Alde batetik, saioen aurretik beharrezkoak izango diren baliabideak eta erabiliko den metodologia zehatz-mehatz prestatu beharko du, oinarrizko edukiak eta helburuak lantzen direla ziurtatzeko. Bestetik, saioen ondoren, behaketaren bitartez, eta ikasleen iritziak kontuan hartuta, irakasleak ebaluazioa gauzatu beharko du. Bestalde, prozesuan zehar egiten diren ebaluazioen jarraipena egin beharko du. Azkenik, taldekide "ahulenen" arrakasta bermatzen saiatuko da.

Hau guztia kontuan hartuta, ikasketa kooperatibo esanguratsua gauzatzeko, aipatu beharrekoa da irakaslearen dedikazioa eskolaz kanpo funtsezkoa dela, . Hau da, ikasgelan gehienbat behaketari eta umeak gidatzeari emango du denbora. Hortaz, gelaz kanpo baliabideak, helburuak, proiektuak eta ebaluazioa aurrera eramateko denbora luzea eman behar du. Bestetik, metodologia berri hau eskolan ezartzeko, irakasleen etengabeko prestakuntza eta motibazioa oinarrizkoak dira.

2014(e)ko abenduaren 12(a), ostirala

ZERGATIK IKASKETA KOOPERATIBOA?

Ikasketa kooperatiboa zenbait autore desberdinen teorietan oinarritzen da. Hori dela eta, metodologia berri hau hainbat urtetako ikerketen emaitza da. 

Piagetek argi utzi zuen ikasten ari diren berdinen arteko interakzioa garrantzitsua dela benetako ideien elkartrukea eta eztabaida sustatzeko; hau da, adimen kritikoa, objektibotasuna eta hausnarketa diskurtsiboa garatzeko. Beraz, lan eta esfortzu indibidualaz gain, talde lana funtsezkoa da.

Vygotsky-ren teoria soziokulturalaren arabera, gizartea giza adimena existitzeko lehenengo premisa da. Ikasketa prozesu bat da, non indibiduala eta soziala lotzen diren. Hots, gizabanakoak besteekin elkarri eragiten ikasten du.

Hala ere, ikasketa kooperatiboa eskolan ezartzeko, eskolaren egitura berrantolatu behar da, ikasleek talde txikitan elkarri laguntzeko, ikasteko eta elkarlanean aritzeko.